Librezale.org

Artxiboa: Wordpress-eu

WordPress 2.5 itzultzeko deia

Kaixo WordPresszaleok:

Laster batean kaleratzear da WordPress-en 2.5 bertsioa eta horren lekuko ditugu dagoeneko argia ikusi duten bi RC bertsioak. Zehatz-mehatz ez dakigun arren noiz irtengo den bertsio berria, hura atera aurretik nahi genuke itzulpena osatu eta probatu.

Lan dezente dago egiteko ordea eta gure denbora mugatua denez, WordPress 2.5 itzultzen laguntzeko deia luzatu nahi genizueke.

Nola lagundu?

Modu errazean: Itzulpen-fitxategia Librezaleko Pootle zerbitzarian kargatu dugu, beraz bertan kontua duen edonor has daiteke zuzenean itzultzen. Hasi saioa, zoaz WordPress proiektuko 2.5 fitxategira eta hasi itzultzen!
Ez bazaude Pootle-n izen emanda edo ez badakizu nola dabilen, galdetu lasai mezu honen erantzunetan bertan.

Erabiltzaile aurreratua bazara: zure makinara jaitsi dezakezu PO fitxategia eta itzulpena modu lokalean osatu gustokoen duzun programarekin (poEdit, KBabel, OmegaT+, Gtranslator, …). Aldaketak egin ondoren, gogoratu fitxategia ahal bezain laster Pootle-ra igotzeaz egindako lana alferrik gal ez dadin, gerta bailiteke Pootle zerbitzariko itzulpen-fitxategia eguneratzea. Egindako aldaketak gomendio bezala gehituko dira datu-basean eta gainbegiratu ondoren islatuko dira emaitzak fitxategian.

Hori bai, kontuan izan wordpress2.5.po dela itzuli beharrekoa, beraz kontuz ibili eta ez nahastu karpeta horretan bertan dauden beste fitxategiekin.

Itzulpenak egitea ez bada zure gustokoa baina WordPresszale amorratua bazara, baduzu laguntzeko modurik: jaitsi eta instalatu WordPressen probatarako azken bertsioa eta emaiguzu aurkitzen dituzun akatsen berri. Zure laguntza guztion onurakoa izango da.

Azkenik, zenbakitxo batzuk (Pootle-n ikus ditzakezue eguneratuta): une honetan %69a dago itzulita (8387 kate), %20a (2483 kate) zalantzazko gisa markatuta dago gainbegiratzeke eta %10a (1241 kate) itzuli gabe dago. Itxura batean dirudiena baino gutxiago da eta, denon artean, oraindik eta gutxiago. Animatu beraz!

Iruzkinak (18)

WordPress 2.3 argitaratua euskaraz

Aurreikusita zegoen bezala, atzo hilak 24 (AEBetan, beraz kasik gaur) kaleratu zen WordPressen bertsio berria, 2.3a zehazki. Bertsio honek nobedade dezente dakartza eta aipagarrienen artean honakoak nabarmen ditzakegu:

  • Etiketen erabilera. Gezurra badirudi ere orain arte pluginen bitartez soilik erabil zitezkeen etiketak. Orain, berezko etiketatze-sistema berriaren bitartez WordPressen muinean bertan inplementatu dira etiketak. Etiketetekin batera, gainera, atalak erabil daitezke, hortaz elkarren osagarri dira.
    Aurretik pluginen baten bitartez etiketak erabiltzen zituenak ez du arazo handirik topatuko berezko etiketatze sistemara migratzeko. Izan ere, WordPressek kontuan izan du arazo posible hau eta administrazio panelean etiketen hainbat pluginentzat inportatzaileak daude, gure sarrera zaharren informazio hau ez galtzeko.
  • Eguneraketen jakinarazpena. WordPressen bertsio berri bat eskuragarri dagoenean administrazio gunean jakinaraziko zaigu. Berdina aplikatzen zaie pluginei, beti ere WordPress.org gunean ostatuak badaude.
  • Bidalketa eta zirriborroen kudeaketa errazagoa. Orain iragazketa aukerak boteretsuagoak dira eta sarrera zaharrak bilatzea lan errazagoa bihurtu da.
  • Berrikusteke egoera. Bidalketentzat egoera berria gehitu da, berrikusteke egoera, argitaratu aurretik berrikusi beharreko zirriborroentzat aproposa.

Bertsio honi buruzko argibide gehiago, WordPressen Codex gunean dauzkazue. Jaitsi WordPress 2.3.
Garrantzitsua: eguneraketa egin aurretik zure itxura eta pluginak bertsio honekin bateragarriak direla ziurtatu.

Baina hau ez da guztia. Azken hilabete honetan Librezalen lanean gogor aritu gara bertsio hau argitaratzearekin batera euskarazko lokalizazioa denon eskura izateko. Lan horren emaitza hemen da, bertsio berriarekin batera.
MO fitxategia ondorengo helbidean daukazue: http://librezale.org/wordpress-eu/download/wordpress2.3/eu.mo
Gogoratu fitxategi hau /wp-includes/languages/ karpetan gorde behar duzuela (languages direktorioa existituko ez balitz, sortu eta kitto). Era berean, wp-config.php fitxategian gogoratu define ('WPLANG', 'eu'); ezartzeaz. Hori egitea nahikoa da WordPress berria euskaraz izateko!

PO fitxategia edo PO eta MOak fitxategi konprimitu batean eskuratu nahi izanez gero, eskuragarri dituzue gune honetan bertan.

On egin!

Iruzkinak (7)

Logo berria

logo berria
Hona hemen Alatz Txopiteak weblog honentzako prestatu duen logoa. Ikus daitekeenez, erabiltzen ditugun koloreetan oinarrituz WordPress-Eu weblogaren izaera islatzen duen irudia sortu du. Txapel eta guzti! :-D

Eskerrak emateaz gain, esan beharra dago weblogak egiteko Alatzek Mambo zerbitzaria nahiago omen duela, software hau ere euskaratuta baitago. Hobeto, horrela tresna gehiago dauzkagu aukeratzeko ;-)
Bidalketa osoa irakurri »

Iruzkinak (1)

Tailer bat wordpress hobeto erabiltzeko

Badira hilabete batzuk wordpres-eu honekin ari garela. Komunitate bat osatzen dugu wordpress erabiltzaileok. Gu, konturatuta gaude zeinen programa ona den blogak egiteko. Eta munduan gabiltzala, gero eta blog gehiago ikusten ditugu software honekin sortutakoak… hain da erabilterreza, txukuna eta ona!

Kontua da, gehiago eta hobeto ere erabili genezakela hau, dauzkan baliabide asko eta asko, beharbada ez ditugu ezagutzen, baina ondokoak ordea bai.

Tailer bat egitea proposatzen dut, esperientziak trukatzeko, hobeto erabiltzen ikasteko, eta elkarren artean wordpress komunitate euskalduna bizkortzeko.

Blogs&beers 2.0
burutuko da igandean Bilbon. Han batuko garen batzuk, gogoa daukagu horrelako zeozer egiteko, zer diozue gainontzekook?
blogs&beers igande honetan

Tailer bat antolatzeko gogorik bai?

Iruzkinak (7)

Webgunea guztiz euskaratuta

Weblog honek wordpress-en azken euskaraketa erabiltzen du, baina sartu genion theme-ak bazituen hitz eta esaldi berriak euskaratu beharra zeukatenak. Oraintxe bertan itzuli ditut eta beraz, oker ez banago, orain webgune osoa euskaratuta dago.

RSSen inguruko testuren bat falta dela uste dut baina beste ezer euskaratzeke dagoela ikusten baduzue, esantzazue mesedez. Eskerrik asko :-)

Iruzkinak (5)

Uda ospatu dezagun

Gaur bertan uda hasi bada ere, udaberrikoa omen den diseinua eman diot weblogari. Hala ere, aldaketa hauekin gunearen erakargarritasuna hobetu izana espero dut:

  • Almost Spring delako theme bat sartu.
  • Goikaldean Librezaleren burukoa gehitu.
  • Oraindik logorik aukeratu ez dugunez, behin-behineko bat margotu (tximeleta) eta diseinura gehitu.

Oraindik bukatu ez badut ere (oina aldatzea falta da), zuen proposamenekin eta ideiekin has zaitezte mesedez. Ziur norbaitek nik baino logo askoz politagoa egin dezakeela…

Iruzkinak (5)

Webloga martxan!

Agurrak guztioi. WordPress zaleon txokoa martxan dago jada!

Oraintxe bertan dena lehenetsitako aukerekin dago. Beraz, denon artean erabakiak hartzen hasi gaitezke, adibidez, bidalketak sailkatzeko atalak, weblogaren itxura, logo bat nahi badugu, eta abar. Zure erabiltzailea erregistratu ezazu eta lehen bidalketa honi iruzkinak egiten hasi zaitez!

Iruzkinak (4)