Librezale.org

Artxiboa: Maiatza, 2008

Azalak itzultzeko laguntza behar dut

Galdera

Kaixo lagunok

Duela egun batzuk WPMUDEV.ORG gunean Edublogs.org-eko arduraduna den James Farmer-ek WordpressMUrako bereziki diseinatutako 100 azal ipini zituen denon eskura. Azal hauetako batzuk zahar xamarrak diren arren, guztiak daude widgetekin erabiltzeko prestatuta eta, niretzat garrantzitsuena dena, denek dute kodea egokituta internazionalizaziorako. Zer esan nahi du honek? Bada, kode barruan dauden testu zatiak banan-bana itzultzen ibili ordez, aukera daukagu, aplikazio egokia erabiliz, testu hauek guztiak identifikatu eta jarraian .pot fitxategi batera ateratzeko. Ondoren kbabel edota poedit bezalako aplikazio batekin euskaraketa egitea askoz ere errazagoa eta eraginkorragoa bihurtzen da.

.pot fitxategi hauek lortzeko erabiltzen den programa gettext da. Sarean zehar buelta dezente eman ondoren ez dut topatu aplikazio honen erabilera azaltzen duen gida txukun eta argirik. Librezaleko gunean ere sartu naiz baina ezer ere ez; bertan, EuskalGNUkoek prestatutako nola_gettext eskuliburu baterako esteka aurkitu dut baina, antza denez, lotura ez dabil. Azkenean gida sinple hau aurkitu dut eta honekin zerbait lortu badut ere, oraindik ez da dena nik nahiko nukeen bezain ongi ateratzen.

.pot fitxategia lortzekoa ondorengoa egin dut:

  • Ubunturen terminalean itzuli behar dudan azalaren karpetan kokatzen naiz (almost-spring izenekoan adibidez)
  • Ondoren, hurrengo lerroa idazten dut: xgettext *.php --output=eu_ES.pot --keyword=__ --from-code=ISO-8859-1. Lerro honetan idatzitakoaren arabera zera ulertzen dut: karpeta barruan dauden php fitxategi guztietan “__” ikurrarekin identifikaturiko testu zatiak bilatu eta eu_ES.pot fitxategira eramaten ditu. Horrela da ezta?
  • Ondoren, .po fitxategia sortzen dut poEdit-en .pot fitxategi hori kargatuz

Hori egin dut baina konturatu naiz itzulpena egiteko lortutako esaldi kopurua oso txikia dela. Hasieran, pentsatu dut gettext-ek ez dituela php fitxategi guztiak arakatzen baina gero konturatu naiz arazoa beste leku batean dagoela. Izan ere, azal guztietan itzuli beharreko testu guztiak __() edota _e() identifikatzaileak dituzte aurretik. Goiko lerroan “keyword=_e” ipintzen badut lortzen den pot fitxategia handiagoa da baina aurrekoak galdu egiten dira. Beraz:

  • Zein da idatzi beharreko komandoa keyword desberdin biak dituzten esaldiekin pot fitxategi bakarra lortzeko
  • Ba al dago xgettext komnadoaren erabilera modu sinple eta argian azaltzen duen manualik nonbaiten?
  • Itzulpenekin amaitu ondoren, zein da lekurik egokiena .mo fitxategi guztiak nahi duenaren esku uzteko?

Eskerrik asko? :wink:

Iruzkinak (1)