Librezale.org

WordPress 2.3 argitaratua euskaraz

Aurreikusita zegoen bezala, atzo hilak 24 (AEBetan, beraz kasik gaur) kaleratu zen WordPressen bertsio berria, 2.3a zehazki. Bertsio honek nobedade dezente dakartza eta aipagarrienen artean honakoak nabarmen ditzakegu:

  • Etiketen erabilera. Gezurra badirudi ere orain arte pluginen bitartez soilik erabil zitezkeen etiketak. Orain, berezko etiketatze-sistema berriaren bitartez WordPressen muinean bertan inplementatu dira etiketak. Etiketetekin batera, gainera, atalak erabil daitezke, hortaz elkarren osagarri dira.
    Aurretik pluginen baten bitartez etiketak erabiltzen zituenak ez du arazo handirik topatuko berezko etiketatze sistemara migratzeko. Izan ere, WordPressek kontuan izan du arazo posible hau eta administrazio panelean etiketen hainbat pluginentzat inportatzaileak daude, gure sarrera zaharren informazio hau ez galtzeko.
  • Eguneraketen jakinarazpena. WordPressen bertsio berri bat eskuragarri dagoenean administrazio gunean jakinaraziko zaigu. Berdina aplikatzen zaie pluginei, beti ere WordPress.org gunean ostatuak badaude.
  • Bidalketa eta zirriborroen kudeaketa errazagoa. Orain iragazketa aukerak boteretsuagoak dira eta sarrera zaharrak bilatzea lan errazagoa bihurtu da.
  • Berrikusteke egoera. Bidalketentzat egoera berria gehitu da, berrikusteke egoera, argitaratu aurretik berrikusi beharreko zirriborroentzat aproposa.

Bertsio honi buruzko argibide gehiago, WordPressen Codex gunean dauzkazue. Jaitsi WordPress 2.3.
Garrantzitsua: eguneraketa egin aurretik zure itxura eta pluginak bertsio honekin bateragarriak direla ziurtatu.

Baina hau ez da guztia. Azken hilabete honetan Librezalen lanean gogor aritu gara bertsio hau argitaratzearekin batera euskarazko lokalizazioa denon eskura izateko. Lan horren emaitza hemen da, bertsio berriarekin batera.
MO fitxategia ondorengo helbidean daukazue: http://librezale.org/wordpress-eu/download/wordpress2.3/eu.mo
Gogoratu fitxategi hau /wp-includes/languages/ karpetan gorde behar duzuela (languages direktorioa existituko ez balitz, sortu eta kitto). Era berean, wp-config.php fitxategian gogoratu define ('WPLANG', 'eu'); ezartzeaz. Hori egitea nahikoa da WordPress berria euskaraz izateko!

PO fitxategia edo PO eta MOak fitxategi konprimitu batean eskuratu nahi izanez gero, eskuragarri dituzue gune honetan bertan.

On egin!

7 Iruzkin »

  1. ptx | irratia.com -(e)k esan zuen,

    Urria 15, 2007 @ 6:41 pm

    wordpress 2.3 berria dela eta, ez dut konprenitzerik lortu etiketen asuntu hau. Wordpress panelean etiketak jartzen dituzu post berria idaztean, baina etiketa hoiek non ikusten dira gero?
    Technoratik berez harrapatzen ditu?

    Wordpress tailerrarena bota nuen behin, baina oraindik ere beharrizana badagoela uste dut.

    Eta zuek?

  2. Julen -(e)k esan zuen,

    Urria 16, 2007 @ 8:56 am

    Etiketak bistaratzeko itxura fitxategia editatu behar duzu eta the_tags(); moduko sarrera bat gehitu agertzea nahi duzun tokian.
    Informazio gehiago: http://codex.wordpress.org/Template_Tags/the_tags

  3. Jabi -(e)k esan zuen,

    Urria 28, 2007 @ 2:38 pm

    Eskerrik asko 2.3-aren itzulpena egin dutenei, bihotzez eskertzen dizuet egindako lana eta jakin ezazue oso profitagarria izango (eta izaten ari) zaidala-zaigula worpdresszale euskaldun guztiei. Biba zuek!

  4. JGabiMark -(e)k esan zuen,

    Azaroa 19, 2007 @ 3:58 pm

    Kaixo.
    Lehenengo eta behin ZORIONAK egiten duzuen lan danagatik, serio!

    Arazo bat daukat wordpress 2.3 euskaraz jarten. Aldatu dut wp-config.php eta goian esan duzuen dana egin dut, Baina errore batek ematen dit blog-aren administraziora sartzean.
    Fatal error: Allowed memory size of 8388608 bytes exhausted (tried to allocate 98304 bytes) in C:\wamp\www\wordpress\wp-admin\menu-header.php on line 70

    eu.mo artxiboa kenduz gero ondo doa.

    Norbaiti horrelako zerbait gertatzen al zaio??

    Mila esker

  5. jolaus -(e)k esan zuen,

    Azaroa 19, 2007 @ 6:26 pm

    Arratsaldeon

    Wordpress-eko foroan bistazo bat botatzen aritu naiz eta harrituta geratu naiz zenbat topic dauden antzeko arazoen berri ematen dutenak. Dirudienez PHPrekin harremana duen arazoa izan daiteke, konkretuki php.ini fitxategiarekin.

    Hementxe topatu dut WAMP erabiliz arazo bera duen beste tipo bati bati eman dioten erantzuna. Ez dakit zuretzat baliagarria izango ote den.

    Beste honetan ere arazoa konpontzeko jarraibideak ematen dituzte.

    Lagungarria izango zaizkizulakoan.:wink:

  6. Txopi -(e)k esan zuen,

    Azaroa 19, 2007 @ 10:22 pm

    jolausek emandako esteka batetan, esteka hau ematen dute:
    http://drupal.org/node/76156

    Nahiz eta azalpena beste programa baterako izan (Drupal), biak PHPrekin eginda daudenez, era berdinean konpondu ahal izango duzulakoan nago. 8.388.608 byte 8MB dira. Beraz, Wordpress instalatu duzun zerbitzarian PHPren konfigurazioa aldatu beharko duzu. Zerbitzari osoko konfigurazioa aldatzeko baimenak badauzkazu (eta horrela egin nahi baldin baduzu), php.ini fitxategia aldatu beharko duzu, lerro hau gehituz:
    memory_limit = 12M

    12 MBrekin nahiko ez bada, zenbaki hori gehitu beharko duzu, errore hori kentzea lortu harte.

    Bestalde, izan liteke zuk zerbitzari osoko konfigurazioa aldatu ezin izatea (edo nahi ez izatea). Kasu horretan, wordpress instalatu duzun direktorioan .htaccess izen berezia duen fitxategi bat aldatu beharko duzu (existitzen ez bada sortu egin beharko duzu), lerro hau gehituz:
    php_value memory_limit 12M

    Froga hau egindakoan, ezaiguzu zelan joan den eta errore berdinak jarraitzen badu jarraibide gehiago emango dizkizugu. Hobeto lagundu ahal izateko, zerbitzarian zein PHP bertsio intalatuta dagoen jakitea ondo egongo litzateke (hori nola jakin ez badakizu, galdetu baita ere!).

    Zorte on!

  7. JGabiMark -(e)k esan zuen,

    Azaroa 20, 2007 @ 11:55 am

    Aupa!

    Mila esker laguntzagatik. Lortu dut konpontzea arazoa. php.ini artxiboa aldatu dut. Hasieran 12M jarri dizkiot memoriaren limite bezala eta gauza batzuk ez zuten funtzionatzen, aurreko errore berdina jasotzen nuen. Azkenean 24M jarri dizkiot ta orain dena ongi doa!

    Orain CSSekin burrukatu behar naiz ni eta web diseinua ez gara batere ongi eramaten eta… xD

    Mila esker berriz ere.

    ——–
    JGabiMark.

RSS feed for comments on this post · Aipuaren URIa

Iruzkina utzi