Librezale.org

Wordpress euskaraz nola instalatu

instalazioa

Webgune hau wordpresseko zaletuei zuzendua dago, euskaraz lan egiten dutenei hain zuzen ere. Beraz, Eduki Kudeaketa Sistema hau erabili nahi dugunok instalazioa nola egin daitekeen jakitea oso egokia dirudi.

Ez hori bakarrik, instalazioa behin bukatu ondoren webgunea bera euskaraz funtzionatzea nola lortu azaltzea ere aproposa dela pentsatu dut. Baina instalazio pasuak pixkatxo bat aldatuz, instalazioa bera ere euskaraz egin dezakegula ezaten badizuet, zer? Ondo ezta? Ba horretan saiatuko naiz ondorengo testuan.

Hasi orduko, argitu beharra dago programa hau instalatu aurretik beste programa eta baliabide batzuk prest izan behar dituzula. Hona hemen wordpress-en gutxieneko beharrak:

  • PHP programazio-lengoaia ulertzen duen web zerbitzari bat, adibidez apache. Onartutako PHP bertsioa gutxienez 4.1 izan behar da.
  • Disko gogorrean 2 MB hutsik.
  • MySql datu-base zerbitzari bat, gure weblogarentzako 1 MB-eko datu-base batekin. MySql-ko bertsioa gutxienez 3.23.23 izan behar da.
  • Gauza guzti hauek dauden lekura FTP sarbidea, eta shell sarbidea badaukazu hobeto baina ez da inolaz ere beharrezkoa.

Kontutan izan baita, Wordpress webgunean badagoela instalazioa urratsez urrats azaltzen duen orria. Bertan dauden azalpenetan eta nire esperientzian oinarritu naiz pausuz pausuko gida txiki hau prestatzeko:

  1. Deskarga
  2. Datu-basea
  3. Konfigurazioa
  4. Euskaraketa
  5. Web instalazioa

1. Deskarga

Lehenik eta behin programa bera lortu behar dugu eta azken bertsioa eskuratzen badugu hobeto, segurtasun kontuei dagokionez eguneratuena izango bait da. Hori bai, wordpress-eko bertsio eta azpibertsio bakoitzeko euskaraketa egitea lan handiegia da eta zuk instalatuko duzun weblogean testuren bat edo beste itzuli gabe (ingelesez) aurkitu dezakezula ohartzen zaitugu. Egia esan bertsio berrietan agertzen diren testu berriak oso gutxi dira eta nire ustez merezi du zalantzarik gabe azken bertsioa instalatzea. Behin instalatu ondoren testuren bat edo beste euskaratzea oso erraza da eta guk geuk egin dezakegu minutu gutxi batzutan, baina bertsio zahar bat instalatzeagatik konpondu gabeko segurtasun zulo bat badaukagu norbaitek gure webloga zapuztu arte ez gara konturatuko. Eta orduan beranduegi izan daiteke, segurtasun kopiak txintxo-txintxo egiten ez baditugu behintzat.

Beraz, zuk erabaki, Wordpress-eko azken bertsioarentzako euskaraketa eskuragarri ez badago ere, nik instalatzea gomendatzen dizut, baina weblog oso-osoa euskaratuta egotea nahi baduzu euskaraketari dagokion bertsioa jaitsi dezakezu. Artikulu hau idazten ari naizen honetan adibidez, eskuragarri dagoen azken bertsioa 1.5 da, baina wordpress webgunean programaren 1.5.1.3 bertsioan dabiltza.

Wordpress programaren paketea zure ordenagailura jaisteko wordpress webgunera joan eta “Download” menu-aukera sakatu, edo zuzenean http://wordpress.org/download/ helbidera joan zure nabigatzailearekin.

wordpress.org/download

Windows erabiltzailea bazara .zip fitxategia hartu, eta GNU/Linux erabiltzailea bazara seguraski .tar.gz fitxategia nahiago izango duzu. Behin disko gogorrean paketea gorde ondoren bere barnean dauden fitxategi guztiak atera eta web zerbitzariak irakurri ditzakeen direktorio batetan utz itzazu.

2. Datu-basea

Oraindik egin ez baduzu, MySql zerbitzarian wordpress-eko datuak gordeko diren datu-basea sortu beharra dago, eta baita datu-base berri horretara sarbidea izango duen MySql erabiltzaile bat ere. Zerbitzaria zurea ez bada, agian, eragiketa hau administrariek egiteko eskatu beharko diezu.

Instlazioaren urrats hau era askotara egin daiteke. Hasteko eskuz; hau da, MySql-ko bezeroa erabiliz. Baina saguarekin erabiltzen diren beste tresna batzuk ere erabili daitezke, adibidez phpMyAdmin. Aukera dexente haseran aipatu dudan instalazio gidan azaltzen dira ingelesez. Nik eskuzko metodoa azalduko dut.
Hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

C:\Archivos de programa\MySQL\MySQL Server 4.1\bin>mysql.exe -u administrarierabiltzailea -p
Enter password: ***********
Welcome to the MySQL monitor.  Commands end with ; or \g.
Your MySQL connection id is 4 to server version: 4.1.8-nt-log

Type ‘help;’ or ‘\h’ for help. Type ‘\c’ to clear the buffer.

mysql> CREATE DATABASE datubaseizena;
Query OK, 1 row affected (0.00 sec)

mysql> GRANT ALL PRIVILEGES ON datubaseizena.* TO “wordpresserabiltzailea“@”ostalaria
    -> IDENTIFIED BY “pasahitza“;
Query OK, 0 rows affected (0.00 sec)

mysql> EXIT
Bye
C:\Archivos de programa\MySQL\MySQL Server 4.1\bin>

administrarierabiltzailea: MySql-ko erabiltzaile bat da, datu-base berriak sortzeko baimenak izan behar dituena. Normalean root erabiltzailea da baimen horiek dituena.

datubaseizena: adibidez wordpress edo blog.

wordpresserabiltzailea: adibidez wordpress.

ostalaria: gehienetan balore hau localhost izaten da, baina mysql zerbitzaria eta web zerbitzaria makina desberdinetan badaude bestelako balorea ere izan dezake.

pasahitza: beti bezala, aukeratu ezazu segurtasun maila egokia emango dizun pasahitz sekretu bat, gutxieneko luzera duena eta letra larriak, letra xeheak eta zenbakiak nahazten dituena.

Jarraitu orduko erabili dituzun baloreak paper batean idaztea gomendatzen dizut, aurrerago berriz erabili beharko dituzu eta.

3. Konfigurazioa

Lehen urratsean lortutako fitxategien artean wp-config-sample.php izena duen bat dagoela ikusiko duzu. Egin behar duzuna fitxategi horri izena aldatzea da, wp-config.php ezarriz. Gero bere edukia moldatzen hasiko gara, txantiloian zegoena guk behar dugun konfigurazio fitxategian bihurtuz:

// ** MySQL settings ** //
define(’DB_NAME’, ‘datubaseizena‘);     // The name of the database
define(’DB_USER’, ‘wordpresserabiltzailea‘);     // Your MySQL username
define(’DB_PASSWORD’, ‘pasahitza‘); // …and password
define(’DB_HOST’, ‘ostalaria‘);     // 99% chance you won’t need to change this value

datubaseizena, wordpresserabiltzailea, pasahitza eta ostalaria dakarren lekuan gida honen bigarren urratsean erabilitako baloreak jarri behar ditugu.

Baina fitxategia ez da hor bukatzen. Berago honen antzeko edukia aurkituko dugu:

// Change the prefix if you want to have multiple blogs in a single database.
$table_prefix  = ‘wp_’;   // example: ‘wp_’ or ‘b2′ or ‘mylogin_’


// Change this to localize WordPress.  A corresponding MO file for the
// chosen language must be installed to wp-includes/languages.
// For example, install de.mo to wp-includes/languages and set WPLANG to ‘de’
// to enable German language support.
define (’WPLANG’, ”);

Guzti horretatik guretzako garrantsizkoa dena WPLANG dakarren lerroa da. Egin dugun lan guztiaren ondoren gure webloga ingelesez ikusterik ez badugu nahi, wordpress-i euskara erabili behar duela esan behar diogu. Horretarako, eu balorea ezarriko diogu aipatutako WPLANG aldagaiari:

define ('WPLANG', 'eu');

Egindako aldaketok gorde eta hirugarren urrats hau ere bukatutzat eman dezakegu.

4. Euskaraketa

Wordpress-en instalazioarekin jarraitu orduko, interesgarria da oso orain burutuko dugun pausua. Izan ere, Wordpress instalatu eta euskaratzeaz gain, instalazioa bera ere euskaraz egingo dugula esan bait dugu. Beraz, gida honetako azken urratsa eman orduko, wordpress euskaratzeko atasa txiki baina garrantzitsua burutu behar da.

Programa honek gettext estandarra erabiltzen du hizkuntza desberdinetara itzulpenak egitea errazteko. Estandar horren arabera, itzultzeileek .po motako fitxategi bat idazten dute programaren hitz eta esaldi guztiekin, eta gero, prozedura automatiko baten bitartez .mo motako fitxategi bat sortzen dute. Guk, webloga euskaraz ibilalazteko .mo fitxategi egokia lortu eta dagokion lekuan jarri behar dugu.

Wordpress programaren bertsio bakoitzak euskaraketa bat eduki beharko luke, baina egun gutxiren buruan wordpress-en bertsio berriak ateratzen direla ikusirik, euskaldunok abiadura hori jarraitzea ezinezkoa dela aise ulertuko du irakurleak. Beraz, erabilgarri dagoen azken euskaraketa lortzea izango da gehienetan aukerarik honena.

Azken bertsioa Rosetta proiektuan aurkituko duzu, tresna hori erabiliz nahi duen edonork itzulpenak egin eta hobetu bait ditzake. .mo fitxategia jaisteko erregistratu egin behar zara lehenik, baina webgune honetan ere euskaraketa guztiak bildu eta eskuragarri jarriko ditugunez, agian nahiago izango duzu bertotik hartzea. Behin eu.mo fitxategia lortu ondoren, wp-includes/languages/ direktorioan jarri behar duzu. Direktorio hori existitzen ez bada, sortu ezazu.

Fitxategi hau zure weblogean jarrita eta bigarren urratsean WPLANG aldagaiari balore egokia eman ondoren, instalazio gida honen azken urratsean agertuko zaizkigun orriak euskaraz izango dira. Horrela ez izatekotan, egin ditugun eragiketak berrikusi beharko ditugu.

5. Web instalazioa

Aurreko pausu guztiak jarraituz gero, nabigatzailearekin wp-admin/install.php fitxategia irekitzen badugu (ostalaria gure ordenagailua bada, ireki beharreko helbidea http://localhost/wordpress/wp-admin/install.php edo antzekoa izango da), hau agertuko zaigu:

step0

Ikus dezakegunez, instalazio gide honen azken urratsa, wordpress-en itzultzaileei esker, euskaraz egingo dugu. Web instalazioa bi pausutan banatuta dago eta lehenengora joateko “Lehenengo pausua” izeneko esteka aukeratu behar dugu.

step1

Web instalazioko lehen pausu honetan, wordpress-ek sortu nahi dugun weblogaren izenburua galdetzen digu (irudiko adibidean “WordPress-Eu” idatzi dugu), eta baita gure e-posta helbidea ere. Datuok sartu ondoren, “Bigarren pausura jo” botoia sakatu behar dugu.

step2a

Momentu honetan, wordpress-ek datu-basera konektatu eta behar dituen taulak sortzen ditu, eman berri dizkiogun datuak barruan gordez. Pausu honetan errorerik gertatzekotan, datu-base zerbitzaria piztuta dagoela egiaztatu eta baita wp-config.php fitxategian jarritako datuak ondo daudela.

step2b

Dena ondo joanez gero, segundu gutxiren buruan bigarren pausuko orrian informazio gehiago agertuko zaigu. Hasteko, lehen agertzen zitzaigun testuaren azpian “Amaituta!” esango du, datu-baseko eragiketa guztiak ondo burutu direla adieraziz.

Wordpress-ek administrari buru bat sortzen du automatikoki, eta “admin” izena ematen dio. Pasahitz aleatorio bat ere automatikoki esleitzen dio, eta lehen pausuan emandako e-posta helbidera mezu bat bidaltzen du datuok ahaztu ez ditzagun. Erabiltzaile eta pasahitz hori erabiliz, gure wordpress weblogean saioa hasi ahal izango dugu eta nahi ditugun eragiketa guztiak burutu; adibidez, “admin” erabiltzailearen pasahitza aldatu, erabiltzaile gehiago sortu, etab.

Orain, nabigatzailearekin weblogaren helbidera joanez gero, wordpress-eko lehenetsitako itxura eta edukiak ikusiko ditugu:

lehenetsitako itxura

Nahi izanez gero, orain has gaitezke gure weblog berrian edukiak sartzen. Gozatu dezazula!

Oharra: emandako azalpen eta irudi guztiak Wordpress 1.5.1.3 “Strayhorn” bertsioari dagozkio. Etorkizunean aterako diren bertsio berriagoetan instalazio eragiketetan aldaketa txiki eta ez hain txikiak egotea izan liteke.

13 Iruzkin »

  1. Anonimoa -(e)k esan zuen,

    Abuztua 2, 2005 @ 1:01 pm

    Zergatik azken irudi honetan W.P. eko termino guztiak ingelesez agertzen dira? ez ziren euskaraz izan behar ala?

  2. mamarru -(e)k esan zuen,

    Abuztua 2, 2005 @ 1:08 pm

    Bai, Categories eta Comments terminoak jarraitzen dute ingelesez agertzen (gure blogean ere: http://www.diseinua.net ). Nahiz eta behar den moduan euskaratu (artxiboak instalatuz eta konfigurazioa aldatuz) , oraindik ere geratzen dira hainbat termino ingelesez. Nola konpondu daiteke hori? nola itzuli daitezke ingelesez agertzen diren hitzak? zuen blogean primeran konpondu duzue arazo hori eta Iruzkin eta atalak bezelako hitzak agertzen dira.
    Edozein arginbide ongietorria izango da.
    Eskerrik asko

  3. Txopi -(e)k esan zuen,

    Abuztua 3, 2005 @ 12:38 am

    Itzuli gabeko testuak agertzearen arrazoia, mamarruk azaldu duen bezala, ez da wordpress programa hutsaren euskaraketagatik. Euskaraketa ondo dago. Kontua, theme edo itxura gaiengatik da. Theme-ak weblogari itxura osoa era erraz eta azkarrean aldatzeko gailuak dira, eta wordpress-eko azken bertsioek lehenetsitako itxura Klasikoa jarri beharrean (oso itsusia denez), Kubrick itxura txuriurdina jartzen dute.

    Horrek ez luke inolako arazorik ekarri behar theme horrek wordpress hutsean datozen beste hitz eta esaldirik erabiliko ez balu. Wordpress oso programa gaztea da eta oraindik theme-ak ez dira itzulgarriak egiten, baina garatzaileak hori zuzentzeko aldaketak egiten hasiak dira jada: Ryan Boren delako batek theme-ek beraien PO/MO fitxategiak izateko aldaketak egin ditu wordpress-en barruan, eta italiar kide batzuk theme ezagunenak hartu eta era horretan itzulgarriak bihurtzen hasi dira orain dela aste gutxi batzu.

    WordPress-Eu weblogari dagokionez, egia esan ez dago guztiz euskaratuta (ez daukagu astirik dena egiteko!) baina bistaren dauden testuak bai itzuli ditugula :-) Guk darabilgun .mo fitxategia “Deskargatu” ataletik jaitsi dezakezue hemendik aurrera, eta inork itzulpena bukatzen badu bidali diezagula mesedez denon eskura jartzeko.

    Beraz, nire gomendioa Almost Spring itxura gaia erabiltzen baduzue edo erabili nahi baduzue, theme originala jaitsi eta aipatutako eu.mo fitxategia theme-aren direktorioan bertan gehitzea da. Gero, zuen weblogaren hizkuntza bera erabiliz wordpress-ek theme horretarako testuak kargatu ditzan, theme-aren header.php fitxategiaren lehenengo lerroan ondokoa gehitu ezazue:

    <?php load_theme_textdomain('almost-spring'); ?>

    Bukatzeko, ez ahaztu weblogaren administrazio eremuan “Aurkezpena” atalean Almost-spring theme-a aukeratuta dagoela egiaztatzea:

    theme zerrenda

    Beste itxura bat nahiago baduzue, itzulpen prozedura osoa zuek egin beharko duzue, esan bezala oraindik ez bait dago theme itzulgarri askorik. Italiarrek orain arte prestatutako lau theme-takoren bat erabiltzen baduzue, .po fitxategia euskaratu eta .mo fitxategia sortu besterik ez duzue egin beharko. Zalantzak badituzue, galdetu lasai eta lagundu badiezazuket pozik lagunduko zaituztet. Argitaratutako bidalketei iruzkinak gehitzeaz gain, zuek ere zuzenean zalantzak argitaratu ditzakezuela gogorarazten dizuet (horretarako apropos “Galderak eta erantzunak” atala sortu dugu). Webgune hau gure artean lasai-lasai hitzegiteko da!

    Portzierto, mamarru, diseinua.net weblog honetako blogroll-era gehitu dut ondo baderitzozu.

  4. mamarru -(e)k esan zuen,

    Abuztua 3, 2005 @ 8:42 pm

    Eskerrik asko Txopi azalpen guzti hauengatik. Oso lagungarria izan da. Egin dut froga Almost-Spring Themearekin eta primeran zijoan, gehiena euskaraturik eta oso itxurosoa, baina aurretik geneukan Kubrik Theme-a berriro jarri behar izan dut . Gauza da Mantxeta lehiaketa bat antolatu dugula erabiltzaileen artean eta Kubrik-en irudiaren neurritan dagola oinarriturik, beraz Kubrik theme-a erabiltzen jarraitu beharko dugu. (ez dakit aukeraren bat dagoenik Almost Spring Themearekin, Kubrik-antzeko mantxeta erabiltzeko, baina ez du ematen).
    Bestalde Kubik theme-a euskaratzeko era erraz bat balego (Italiarren Itzulketa sistemaren modura) diseinua.net inguruan ibiltzen diren lagunen artean itzulketa zuzen bat egiteko prest norbait egongo zen, edo bestela taldelanean egingo genuke.
    Orain dela gutxi deskubritu nuen Word Press hau eta oraindik nahiko berde nabil, zalantzaz beterik, gainera garai zaila da hau, oporraldietan gauzak behar diren baino mantsoagoak dijoazte. Baina webgune hau oso lagungarri, erabilgarri eta emankorra izango dela zihur nago, beraz, berriro ere eskertzen dizut eskainitako laguntza, ta noski ondo iruditzen zaidala diseinua.net blogroll-ean sartzearena, are gehiago, eskertzekoa da ere.

  5. Txopi -(e)k esan zuen,

    Abuztua 4, 2005 @ 10:28 am

    Nik ez dut Kubrick theme-aren bertsio itzulgarririk ezagutzen, baina gogoak badituzu, zuk zeuk sortu dezakezu poEdit programa erabiliz. Software librea da, Windows eta GNU/Linux-en dabil eta jende askok erabiltzen du antza.

    Wordpress-eko Codex gunean POT fitxategia nola sortu azaltzen da 13 pausu motz eta sinpleetan. POT fitxategia sortutakoan, msgstr lerroetan euskarazko itzulpenak jarri eta PO fitxategi-luzapenarekin gorde ezazu. Gero GNU Gettext-eko msgfmt tresna erabiliz, MO fitxategia sortu eta Almost Spring theme-a euskaratzeko azaldu nituen urrats berdinak jarraitu itzazu. Nik GNU/Linux-etik honela egiten dut:

    $ msgfmt eu.po -oeu.mo -c

    Guzti hau egin beharrean, zuen egoera kontutan hartuz, italiarrek itzulgarri bihurtu duten NikyNik theme-a erabili ahalko zenutela uste dut, Kubrick-en oso antzekoa bait da eta mantxetak neurri berdintzuak bait ditu. Hori bai, NikyNik theme-aren PO fitxategi euskaratua prestatu beharko duzue.

    Beraz, konponbide miragarririk ez dago oraindik baina denon arteko elkarlanarekin gauzak aurrera aterako ditugula uste dut. Egiten duzuena egiten duzuela, emaitzak hemen zabaldu mesedez, zuen aurrerapenak txikiak ala handiak izan, eskertuko dituen bat baino gehiago dago eta. Animo!

  6. WordPress-Eu » Instalazio gida berria Deskargatu atalean -(e)k esan zuen,

    Iraila 5, 2005 @ 11:30 am

    […] wordpress-en instalazioa eta euskaraketa azaltzeaz gain, webgune honetan argitaratu genuen aurreko dokumentuan azaltzen ez diren gaiak ere jorratzen ditu: instalatu ondorengo lehen konfigurazioak ( […]

  7. OpEnChOi’s Blog » Blog Archive » WordPress 설치방법 -(e)k esan zuen,

    Azaroa 30, 2005 @ 3:00 pm

    […] n Your Language. Arabic Français Deutsch Italiano Español Basque […]

  8. 100hitz.net: formatu laburreko haurnasketak » Irisgarritasuna eta blog hau -(e)k esan zuen,

    Uztaila 4, 2006 @ 6:41 pm

    […] textutxoren batzuk ingelesez agertzen dira. Wodpress-a euskaraz izan nahi baduzu jarraitu librezale.org-eko artikulua. Bertan ikasi dut nola euskaratu blog hau, baina tamalez bertan ematen den […]

  9. Alberto -(e)k esan zuen,

    Uztaila 8, 2007 @ 11:23 pm

    Zuek esandako pausuak egin dotez, dana ondo doa baina install.php ejekutaturakoan, wordpress instalazioa ingeleses agertzen da…

    eu.mo artxiboa sartu dot languages direktorioan, config.php-n aldaketak be eginda dagoz…

  10. Txopi -(e)k esan zuen,

    Uztaila 11, 2007 @ 10:29 am

    Alberto, Wordpress-eko zein bertsiorekin ari zara lanean? Artikulo hau 1.5 bertsioarentzat da. Agian bertsio berrienetan aldaketaren bat egotea izan liteke.

    Bestalde, argi geratu daitela, naiz eta instalazioa ingelesez egin, gero ere weblogaren hizkuntza aldatzeko aukera izango duzula. Edozein momentutan egin daiteke. Beraz, nahi baduzu, oraingoz instalazioa ingelesez egitea proposatzen dizut eta gero artikulo honetan azaltzen diren xehetasunak errepasatu, Interneten bilatu eta abar egin ahal izango duzu weblogaren beste ezaugarri batzuk lantzen dituzun bitartean.

  11. Freemaxsite.com » Blog Archive » How to Install WordPress -(e)k esan zuen,

    Urria 31, 2007 @ 4:00 pm

    […] Basque (http://librezale.org/wordpress-eu/?p=5) […]

  12. Shadow.cs&Mizu » Blog Archive » WordPress -(e)k esan zuen,

    Azaroa 15, 2007 @ 9:36 pm

    […] Basque (http://librezale.org/wordpress-eu/?p=5) […]

  13. Installing Wordpress Reference + Installation Tutorials « Info Filing - a temporary site -(e)k esan zuen,

    Azaroa 26, 2007 @ 12:33 pm

    […] Basque (http://librezale.org/wordpress-eu/?p=5) […]

RSS feed for comments on this post · Aipuaren URIa

Iruzkina utzi