Pootle:Gida
Librezale.org(e)tik
Pootle bidez itzulpenak egiteko eman beharreko pausuak sinpleak dira.
Edukiak |
Hasi aurretik
Ezertan hasi aurretik sisteman izena eman, saioa hasi eta gure ezarpenak zehaztu behar ditugu.
Izena ematea
Izen-emateko inprimakia bete behar duzu Pootle zerbitzarian erabiltzaile berri bat sortzeko. Zehaztu berri duzun helbidean mezua jasoko duzu kontua aktibatzeko loturarekin. Izen-ematea aktibatu ondoren, hautatutako erabiltzaile-izen eta pasahitzekin saioa hasi dezakezu zerbitzarian.
Proiektu batera gehitzea
Lehen aldiz erabiltzaile berriarekin saioa hastean Arbela bistaratuko da eta Lotura azkarrak atalaren azpian hizkuntzak eta proiektuak aukeratzeko gomendatuko digu. Lotura horrek erabiltzailearen ezarpenen orrira eramango gaitu eta partaide izan nahi dugun proiektu eta hizkuntzak aukera ditzakezu. Aldaketak gordetzeko egin klik Gorde botoian.
Itzulpenak egitea
Oinarri-oinarrizkoa egin ondoren prest gaude itzulpenak egiten hasteko.
Nabigatzea
Itzultzeko proiektu bat aukeratu eta ireki ondoren, fitxategi-zerrenda bat agertuko zaigu. Fitxategi-arakatzaileetan bezala direktorio-mailetan zehar nabiga daiteke itzulpen-proiektuetan.
Fitxategi-zerrendek itzulpenaren egoeraren laburpena bistaratzen dute, bai hitz kopuru osoa bai eta arreta behar duten hitzen kopurua ere. Barra-grafiko batean egoera bisualki ikus daiteke. Fitxategi-izen baten gainean klik eginda editorera egingo dugu jauzi.
Editorea
Itzulpenak egiteko editoreak testua editatzeko kutxa bistaratzen du pantailaren erdian. Jatorrizko ingelesezko testua honen goian agertuko da. Gorago, aldiz, uneko itzulpen-unitatearen inguruko informazioa bistaratuko da: oharrak, testuaren kokapena...
Testu-kutxaren azpian nabigaziorako kontrolak daude, uneko edizio-moduan aurrera eta atzera joateko. Eskuinaldean, aldiz, bidalketarako botoiak daude. Baimen egokiak baditugu, Bidali botoia agertuko da; hala ez bada, gomendioak egiteko aukera izango dugu soilik Gomendatu botoia erabilita.
Zalantzazkoa kontrol-laukiak itzulpen-unitatearen egoera lausoa adierazten du: zalantzak egon litezke itzulpenaren zuzentasunaren gainean.
Azkenik, ezkerraldean terminologiaren inguruko gomendioak bistaratuko dira. Eskuinaldean, aldiz, huts egin duten kalitate-kontrolerako egiaztapenak daude. Egiaztapen hauek uneko itzulpenak izan ditzakeen erroreak automatikoki detektatzen saiatzen dira (amaierako puntuazioa, erabilitako aldagaiak ondo dauden...). Egiaztapen hauek zuzenean atzi daitezke Berrikusi fitxan klik eginda.


