Interfazea
Librezale.org(e)tik
| Estilo-liburua |
|---|
| Arau orokorrak - Interfazea - Laguntza eta tutorialak - Webguneak - Glosarioa - Hizkuntzak eta Herrialdeak |
Softwarearen lokalizazioan batez ere erabiltzaile-interfazea (EI, edo ingelesez UI, User Interface) itzultzen da, hau baita aplikazioen funtsa hein handi batean. EIa botoiek, azalpen- eta errore-mezuek, laster-teklek, menuek, kontrol-laukiek... osatzen dute.
Interfazeko itzulpenak burutzean hainbat gauzaz arduratu behar da, hala nola botoi eta azalpenen arteko koherentzia mantentzeaz (Amaitu izeneko botoia badago, azalpena Egin klik Amaitu botoian izango da eta ez Egin klik Bukatu botoian), aldagaiei trataera egokia emateaz, laster-teklak ahal den heinean ez errepikatzeaz...
Zenbait aplikaziok, EIaz gain, dokumentazioa, laguntza-fitxategiak eta webguneak ere izaten dituzte lokalizatzeko. Atal honetan interfazeari helduko diogu soilik.
Edukiak |
Aditz-modua
Aplikazio informatikoetan erabiltzaileak komandoak erabiltzen ditu ordenagailuari aginduak emateko. Ingelesez agintera (inperatiboa) erabiltzen da komandoak idaztean. Gaztelaniaz, berriz, infinitiboa erabiltzen da. Euskarak ingelesaren bideari jarraitu dio eta agintera erabiltzen du. Izatez, komandoa adierazteko beste euskal ordaina "agindu" hitza da.
Praktikan, honek esan nahi du komandoetako lehen hitza aditza izatea (komandoak aditza duen kasuetan). Esaterako:
| Ingelesez | Euskaraz |
|---|---|
| Save Page As... | Gorde orria honela... |
| Find Again | Bilatu berriro |
Maiuskulak eta minuskulak
Ingelesezko interfazeetan ohikoa da letra larria erabiltzea komandoetako hitz garrantzitsu guztietan. Euskaraz lehen hitza soilik idazten da maiuskula erabiliz.
| Ingelesez | Euskaraz |
|---|---|
| Bookmark This Page | Egin orriaren laster-marka |
| Subscribe to This Page... | Harpidetu orri honetara... |
Laster-teklak
Laster-teklak komandoetara teklatu bidez iristeko bideak dira. Normalean Alt teklarekin konbinatuz erabiltzen dira. Interfaze grafikoko menuetan komandoaren letra baten azpian ageri den marratxo baten bidez adierazten dira.
Lokalizatzeko prest dauden ingelesezko testuetan laster-teklak ampersand ikurraren bidez adierazten dira.
| &OK | &Cancel | Con&tents |
Komenigarria da komandoen maila bakoitzean laster-teklak ez errepikatzea, errepikapenak zaildu egiten baitu laster-teklak erabiltzea. Kontuan izan itzulpena egitean zaila dela jakitea komando bakoitza zein mailatan dagoen, eta horregatik arreta berezia jarri behar da lokalizazioaren alderdi honi ekiterakoan.
Aldagaiak
Software-lokalizazioetan itzuli beharreko testuen ezaugarri bat (nabarmenena beharbada) aldagaien erabilera da. Maiz erabiltzen dira aldagaiak. Euskaratzen den testuan aldagaiak azaltzen dira, eta gero erabiltzaileak ikusten duen mezuan edo bestelako testuan (komandoetan eta titulu-barretan ere erabiltzen dira aldagaiak inoiz) aldagaiaren ordez balio bat (zenbakia edo testua) azalduko da.
Aldagaiaren formatua ez da berdina kasu guztietan.
- Lokalizazioetarako nagusi den PO formatuko fitxategietan % karakterea izaten da. Hurrengo karaktereak adierazten du aldagaia zein motatakoa den: %d (osoko zenbakia), %s (kate alfanumerikoa), %ld (osoko luzea), %u (zeinu gabea) eta abar.
- Chromium-en itzulpenerako, berriz, %{} formatuko aldagaiak daude, esaterako %{SEARCH_ENGINE} edo %{CLOUD_PRINT_NAME}.
- Java aplikazioetan {} motako aldagaiak aurkituko dira, adibidez Unexpected char {0} ({1})! esaldian.
Batzuetan zenbakia edo testua den ziur jakin daiteke, beste batzuetan ez.
Elkarrizketa-koadroak
Zehaztasunak behar dituzten komandoak exekutatzeko aginduak ematen direnean azaltzen diren koadroak dira elkarrizketa-koadroak. Adibidez, fitxategi bat irekitzeko agindua ematen denean, ireki nahi den fitxategia zehaztu behar da; dokumentuak inprimatzeko, zein orrialde, zenbat kopia, zein inprimagailutatik... zehaztu behar da.
Menu-komandoak bukaeran eten-puntuak dituenean, elkarrizketa-koadro bat irekiko dela adierazi nahi du.
Elkarrizketa-koadroen osagaiak ondorengoak izan daitezke:
- Titulua
- Kontrol-laukiak
- Aukera-botoiak
- Eremuak eta eremu-izenak
- Goitibeherak
- Fitxak
- Azalpen-testuak
Tituluak
Elkarrizketa-koadroaren titulua, koadro horretara joateko hautatu den komando-izenaren berdina (edo kasik berdina) izaten da. Komandoaren eta elkarrizketa-koadroaren arteko koherentzia mantendu egin behar da.
Multzoak
Elkarrizketa-koadroko multzoen izenburuek estilo bera jarraitu behar dute, koherentzia manten dadin multzoa osatzen duten elementuekin eta gainerako multzoekin.
Botoiak
Botoietan agertzen diren testuak aginduak izaten dira askotan, baina badira bestelakoak ere: Aukerak… ; Propietateak…
Botoietako testua laburra izan dadin komeni da. Leku gutxi izaten dute, eta pixka bat zabaltzeko aukera eduki arren, hobe da zuhurtziaz jokatzea. Beharrezkoa ez denean hitz bat ken daiteke (Print file -> Inprimatu).
Komandoetan bezala, botoiak hitz bat baino gehiago duenean, lehen hitzaren lehen letra soilik doa maiuskulaz eta, agindua bada, aditza aurrean: Berrabiarazi orain.
Botoietan ere, bukaeran eten-puntuak daudenean, elkarrizketa-koadro bat irekiko dela esan nahi du.
Hiru botoi klasiko: OK, Cancel eta Help. Euskaraz, Ados, Utzi eta Laguntza. Gaztelaniaren eraginez (OK=Aceptar), Onartu ere ikusten da, baina kontuan izan behar da Accept botoia ere klasikoa dela baimena emateko, eta horretarako erabiltzen dela Onartu. Allow esateko, berriz, Baimendu erabil daiteke.
Aukera-botoiak
Elkarrizketa-koadroetan, borobil txiki baten bidez aurkezten diren aukerak dira. Multzo bakoitzeko aukera bakarra hauta daiteke.
Aukera-botoi guztien arteko estilo-berdintasuna zaindu behar da, eta kontuan izan testuingurua zein den.
Kontrol-laukiak
Elkarrizketa-koadroetan eskaintzen diren aukerak dira. Aukera-botoietan ez bezala, kontrol-lauki bat baino gehiago hauta daitezke.
Aurrekoetan bezala, estilo bateratua mantendu behar da eta luzerarekin kontuz ibili.
Testu finkoa
Interfazearen zenbait tokitan erabiltzailearentzako azalpenak eman ohi dira. Testu hauek esaldi luzeak edo hainbat esaldiz osatutako paragrafoak izan daitezke.
Kasu hauetan estilo zuzena eta laburra erabiltzea komeni da. Normalean leku gutxi egoten da batetik, eta mezua azkar ulertzea komeni da bestetik. Kendu alferrikako perifrasiak. Agindua bada, aditza hasieran eta laguntzailerik gabe: Hautatu fitxategia, eta sakatu Inprimatu botoia edo Hautatu fitxategia, eta sakatu Inprimatu (eta ez, Hauta ezazu fitxategia eta saka ezazu Inprimatu botoia). Leku gutxi egoten denez, You should restart the computer bezalakoak emateko aukerak aztertu behar dira: Berrabiarazi ordenagailua.
Aginduak eta azalpenak argi eta labur emateko kontuan izan beharreko puntu batzuk:
- Botoiak sakatu egiten dira eta botoietan klik egiten da
- Teklak sakatu egiten dira
- Aukera-botoiak hautatu egiten dira; aukera bat hartu ere egin daiteke.
- Kontrol-laukiak hautatu edo markatu egiten dira (eta desautatu egiten dira edo marka kendu egiten zaie).
Gauza bat egiteko zer egin behar den azaltzen denean (adibidez, hurrengo pantailara joateko botoi bat sakatu behar dela), zer egin behar den adierazten da lehenik ingelesez (botoia sakatu) eta ekintza horrekin zer lortuko den gero (hurrengo pantailara joan). Euskaraz, gehienetan hobeto geratzen da lehenik zertarako egin behar den esatea (hurrengo pantailara joateko), eta ondoren zer (botoia sakatu). Hala ere, kasu bakoitzean erantzun egokiena zein den ikusi behar da.
Goitibeherak
Zerrendako sarrera guztiak estilo berean eman behar dira. Esate baterako, denak azalpen moduan edo denak agindu moduan (aditza aurrean dela).







